XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Martin Ainara alaba txikienarekin. (1964).

Urte batzuk gehiago egin beharko genituen, eta egin genituen bost: haur bat gehiago eta sos batzuk gehiago egin genituenez, berriz pentsatzen jarri ginen: haurrak gero eta gehiago ari ziren hango egiten, lagun eta guzti, eta Euskal Herriko armadak eta hegazkinak eta non ziren galdezka hasi zitzaizkigun, zer fantasma zen herri hori, mapan ere ez zuten ikusten eta!...

Orduan pentsatu genuen, nuen!, egia esateko, eta egin nituen lehen diligentziak Enbaxadan.

Ezezko biribila!, modu onean baina ezina zela!; hala ere, familiarentzat ez zegoela oztoporik.

Esana dizut Jose Maria Iziar lasalletarrari kartaz galdetu niola ni Hendaiara joan beharra gertatzen bazen haurrak eguneroko eskolara Irunera joatea posible izango zuten, eta baietz.

Papeleta hau planteatu nion emazteari, eta honek azkenean onartu egin zuen, gero nahikoa sufritu behar izan zuen arren: Irunen itsusia, hemengo arazoak, politikoak eta poliziazkoak gainezka, gaiztakeria asko, haurrak ere Poliziara bueltaka!... Erresidentziarik ez!

Niri, zorionez, urtebete barru, familia han nuela ikusirik, zailagoa izango zela nire konpromezu politikoa eta, sarrera eman zidaten!

Ez erresidentziarik, venezuelar nintzen, hiru hilabeteko permisoak berritzerik bai..., eta, oharra: argazkian mugitzen banintzen, kanpora.

- Hondarribira etorri zineten, azkenean.

Oporretan etorri nintzen lehenengo, eta Iruneko etxebizitza alokatua tristea zen oso!

Emaztea ez zegoen gustora, baina eutsiko genion honenbestean sartu baginen.

Eta hasi ginen guretzako etxebizitza baten bila; orduan ezagutu nuen Hondarribia, polita!, eta Anamari geratu zen lan honetan eta ni buelta, gauzak pixkanaka prestatzeko lanean; etxea saldu... hainbat gauza hogeita bi urteko likidazioa egiten!

Eta, nire oroimenean, hemen hartu genuen Manzanasen txanpaina!

Anamari ez da txanpainaz gogoratzen.

Manzanas 1968ko abuztuan hil zuten, beraz, nire lehen sarreran, estreinu ederra!

Caracasen nengoela hartzen dut Anamariren telegrama: etxea aurkitu duela, dirua bidaltzeko.